Maitaniztasunaren plan atsegin horretan, jendea badator, eta badoa. Uste nuen nire barruko "maitale erromantikoa" ondo akabatzen ari nintzela, baina ai! urte askotako garun-garbiketak badu bere eragina, eta aitortuko dut betirako bikotea aurkitzeko gogo hori ez dudala ezabatu oraindik; norbaitekin zahartzeko, gure esku zimurrak elkarri emanik amaierara arte ibiltzeko.... Baina maitasun erromantikoaren letra txikiak dio: bikotearen kideetako bat, gutxienez, eramantsua izan behar dela. Gazteleraz esaten den bezala, "tragadera handiekin": bestearen egoskorkeria guztiak onartzeko pazientzia eta ahalmena, alegia. Hori nekez aurkituko da gaur egungo pertsona ahaldunduen artean, beraz, horrekin ahaztea izango genuke onena.
Beraz, maitaleak badatoz, eta badoaz. Batzuekin sintonia ona aurkitzen dugu, eta luzarorako harremanak abiatzen dira; besteekin, behin edo birritan egon, eta argi dago ez dagoela konexiorik. Dramarik gabe bereizten dira gure bideak, elkarrekin kontaktuan jartzeko gogo gutxiaren poderioz; hori ona iruditzen zait, maitasun erromantikoetan ohikoak diren haustura katastrofikorik gabe.
Gehienekin, halere, gogoan izateko zerbait gelditzen da. Esate baterako: kondaira hutsa zela sinesten hasia nintzenean, duela gutxi, squirtingaren fenomenoarekin aurkitu nintzen aurpegi aurrean -literalki, eta torrentzialki-. Egoerak ere morbo handia zuen: EAJko katekista ezkondu baten hankartean bizi izan bainuen. Harremanak ez zuen aurrera egin -emakume haren sexu gosea gehiegizkoa zen niretzat- baina kariño handiarekin gogoratzen dut.
Atzo beste bereizketa goxo bat izan nuen. Esan dezagun ez ninduela triste utzi: ondo pasatu nuen, gustura izan nintzen. Baina biok ohean geundela, biluzik, goxoki besarkatuta, pentsatu nuen: "disfrutatu une honetaz, seguru aski azkena izango da eta". Eta halaxe egin nuen.
Izan ere, handik gutxira etorri zen jaiki beharra -bera haurren bila joan behar baitzen-, eta modu ez oso adeitsuan agurtzea.
Gaurko hausnarketa guzti hauek eragiteaz gain, pro eta kontrak alderatu nituen, eta harreman honi etorkizun gutxi ikusi nion.
Modu hotzean esanik:
Nik gustuko dut pertsona pixka bat zakarra izatea. Baina sintoniaren bat, interes amankomunak, umore pixka bat... ere egon behar dira, eta ez nituen ikusi.
Esango nuke zakartasun hori eta bere aurpegia gustuko nituela. Azken hau, nire kasuan, oso garrantzitsua da, gorputz ez normatiboari garrantzi gehiegi ez emateraino (ni ere ez bainaiz Adonis). Baina hori ez da nahikoa.
Orgasmora bidean maitalearen ezpainetatik eta besoetatik aldentzea. Ferekek traba egitea. Zakila ez ukitzea. Norbera besteak paja bat egiteko darabilen instrumentu huts sentitzea... Beno, horrela badator betor, baina ez da niretzat sexu harreman eredu ideala.
Beraz: gelditzeko idatziko balit, baietz esango nioke, lehen hitzorduarekin ulerkorrak izan behar baikara (lotsa, urduritasuna). Baina ni behintzat ez naiz amua berriro botatzeko gogoz gelditu.
OK! Horrela ondo? @[email protected]